Ekonomia Solidarioari Buruzko XII. Jardunaldia

8 abril 2019
Comments: Comentarios desactivados en Ekonomia Solidarioari Buruzko XII. Jardunaldia
8 abril 2019, Comments: Comentarios desactivados en Ekonomia Solidarioari Buruzko XII. Jardunaldia

—– Apirilak 8, astelehena —–

Solasaldia: “Komunikazioaren ahalmena

Geltoki, 19:00etan

Hizlariak: Mariola Olcina eta Isidro Jimenez.

 

Gizarte mugimenduek eta herritar antolatuek sormen berezia erakutsi dute urte sail luzean beren proposamenak, eskaerak eta salaketak aditzera emateko. Askotan, aurrekontu gutxiko kanpainak izaten dira, baina asmamen handiz ondutakoak. Izan ere, behin baino gehiagotan, ekintzaileen ahaleginari esker moldatu izan da komunikazio-baliabiderik eza, baina badakigu horrek ez dituela arazoak epe luzera konpontzen. Kontua da erakundeak jokaleku mediatiko korapilatsuan mugitzen direla, baliabide gehiago darabiltzaten beste eragile batzuk nagusi diren honetan; beraz, komunikazio-tresna gehiago baliatu behar izan dituzte mezua entzunarazteko. Hori bereziki da garrantzitsua komunikazioa kontrainformatiboa denean eta paradigma nagusiak zalantzan jartzen direnean. Baina tresna horiek ere ez dute asko balio, noizbehinkakoak edo azalekoak direnean. Gizarte erakundeetan ari diren askok komunikaziori garrantzi handi samarra ematen badiote ere, komunikazioa erakundearen lanaren azken pausoa izaten da gehienetan, ez baita jardueraren zeharkako ardatz bat.

Oro har, komunikazioaren alderdi teknikoek (premiazkoa dena) lan taktikoa zokoratzen dute, eta lan hori ezinbestekoa da epe erdi eta luzera. Liburu hau komunikazio sozialaren ikuspegi estrategiko bat saiatzen da eskaintzen, huraxe jokoan jartzen duten herritar erakundeen jardunaren erdian txertatzeko asmoz. Dena den, baliabide tekniko batzuk ere saiatu gara eskaintzen, liburuaren webgunean oinarriturik, komunikazio arloko premien egunerokoa moldatu ahal izateko.

http://manualdecomunicacion.org/

          MARIOLA OLCINA Ingurumeneko kazetaria eta ikus-entzunezko errealizadorea da. Kazetaritza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Masterduna da Sareko Komunikazioan eta Hezkuntzan, UNEDen. Hainbat hedabide alternatibotako kontseilu editorialeko kidea da: El Salto, Soberanía Alimentaria aldizkaria eta Revista Ecologista. Duela 5 urtetik hona, FUHEM entitatean lan egiten du, komunikazio estrategikoan eta ikus-entzunezkoan.
        ISIDRO JIMÉNEZ Filosofian lizentziaduna eta Komunikazioan doktorea da. 15 urte daramatza lanean komunikazio sozialaren arloan eta hainbat lan egin ditu arte-zuzendaritzan, animazio digitalean eta ilustrazioan. Gaur egun, irakasle elkartua da Informazioaren Zientzietan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.


—– Apirilak 9, asteartea —–

Tailerra: “Komunikazioa indartzea”

Geltoki, 19:00etan

Emaileak: Mariola Olcina eta Isidro Jimenez.

Zenbaitetan, herritar antolatuen komunikazio-prozesuak boluntarismoaren mendean daude. Beste zenbaitetan, ordea, badira baliabideak eskura, baina ez dago behar bezalako estrategiarik edo, besterik gabe, ez dago borondaterik komunikazioa gizartea eraldatzeko egiazko prozesua izan dadin. Horren haritik, komunikazioa anekdotikoa da prozesu baten gisara ulertzen ez denean, hau da, erakundearen eguneroko lanaren beste hanka baten gisa ulertzen ez denean. Eta arritmikoa da, zokoratu dugun komunikazioaz oroitzen garen une horiek bat ez datozenean planifikatu egiten diren zereginen lan-erritmoarekin. Bi arazo horiek komunikazio mota absente bat dagoela aditzera ematen dute: hau da, ez da estrategikotzat jotzen, nahiz eta askotan espero dugun, hain zuzen, huraxe izatea den-dena justifikatuko duen unea, kanpaina baten azken urrats gisa: “izugarri lan egin dugu, baina gutxienez hau halako egunkarian atera da…”.

 

Bestalde, komunikazioa gaizki bideratua dago, geure buruari (serioski) galdetzen ez diogunean norenganaino iritsi nahi ote dugun, eta horren ondorioz, zaila zaigu benetan biderik, bitartekorik nahiz estrategiarik egokiena aukeratzea publiko horiengana iristen saiatzeko. Horren guztiaren emaitzari endogamia komunikatiboa esaten diogu, hau da, gure komunikazioaren publiko nagusia gu geu izateko joera besterik ez da.

Hain zuzen ere, endogamia komunikatiboko dinamika horietatik (komunikazio arritmikoa, anekdotikoa, absentea) ihes egiteko tailerra izanen da, tresna errazak erabilita, komunikazio estrategikoa erraztu eta indartze aldera, helburu argi bat buruan hartuta: erakundeek egunero lantzen duten mezua jende gehiagorengana eta hobeki helaraztea, eta ez soilik gure hurbileneko jendearengana, gizarteko beste herritar talde batzuengana ere baizik. Azken finean, gizarte eraldakuntza indartzeko tresnak dira.

http://manualdecomunicacion.org/

 


—– Apirilak 15, astelehena —–

“Ekonomia eraldatzeko ahalmena”

Geltoki, 19:00etan

Hizlaria: Ruben Suriñach.

Proposamen ekonomiko alternatiboak bor-bor daudenean, marko lagungarri bat ezarri beharra dago jakin dezagun zer proposamen diren egiazki lagungarriak jendearen bizi-baldintzak hobetzeko, eta zer proposamen erabiltzen eta birmoldatzen diren –haien indefinizioaren ondorioz– kapitala metatzeko gune berriak izateko. Hizlaria, beraz, alderaketa-marko bat ezartzen saiatuko da proposamen guztien eraldatzeko ahalmena ulertzeko. Ziur aski, okerra litzateke mugimenduen eta fenomenoen eraldakuntzaren gaitasunaren irakurketa bat egitea, gure buruari galdetu gabe zer gaitasun duten proposamen horiek jende sektore asko konbentzitzeko eta engaiatzeko. Argi eta garbi esateko: kontzeptualki hobekien taxututako proiektu politikoa izan dezakegu eskuartean gizartea eta ekonomia eraldatzeko, bai eta marko horrekin bat heldu diren praktikak ere, baina praktika horiek gizarteko talde txiki konprometitu baten inguruan zokoratuak gelditzen badira, proposamen hori ez da inola ere aski gizartea eta ekonomia eraldatzeko. Horrexegatik, hain zuzen ere, sakonago azalduko da zein jarrera duen proposamen bakoitzak gizarteko jende sektore handiei buruz (eta nola lotzen den hori guztia marko nagusiak hori asimilatzeko dagoen arriskuekin); eta era berean, aztertuko da zer abantaila dituen mugimendu bakoitzak jarreretan, marko bat marrazteko eta, haren bidez, hegemonia aldaketari heltzeko, betiere jarrera haietatik abiatuta; eta, halaber, mugimenduen artean dauden harremanak –konplexuak–  (maiz, lehiakortasun-efektuaren ondorioz, mugimenduek eraldatzeko gaitasuna galtzen dute, talde gisa).

        RUBÉN SURIÑACH Ekonomian da lizentziaduna Gironako Unibertsitatean, eta masterduna Ingurumeneko Ikasketetan, Ekonomia Ekologikoaren eta Ekologia Politikoaren ibilbidean. Gaur egun, Xarxa d’Economia Solidàriak garatzen duen balantze sozialeko proiektuaren koordinatzailea da (www.xes.cat), hots, hori funtsezko tresna da jakiteko zer erakundek sortzen duten eragin onuragarria, eta beraz, zeintzuk izan daitezkeen Ekonomia Sozial eta Solidarioaren nahiz Merkatu Sozialaren erakunde gisa aintzat hartuak. XES sarean parte hartu eta lan egiteaz gain, bazkide kooperatibista da Opciones de Consumo Responsable izeneko ekimenean (duela gutxi arte, Centro de Investigación e Información en Consumo elkartea izandakoa); zehazki, aholkularitza atala koordinatzeaz gain, proiektuak garatzen ditu kontsumo arduratsuaren eta ekonomia eraldatzaileen sustapenean.


 

Comments are closed.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies